Arintasuna. Patineteak, Iparraldean trotinetak, herri barruan mugitzeko modu arinenetakoa dira bizikletekin batera, lanera joateko, ikastetxera, erosketak egitera… Oinez joatea baino bi-hiru aldiz arinagoa da. Eta ez dugu garraio publikoetan itxaron behar, edo ibilgailu pribatuekin gertatzen den bezala, ez dugu aparkatzeko lekurik bilatu behar.
Gordetzeko erraza. Patineteek, bizikletek eta autoek baino leku gutxiago okupatzen dutenez (tolestuta batez ere), edozein lekutan gorde daiteke: etxean, bulegoan…
Erosotasuna. Patinete eroso ibiltzeko garraiobidea da. Gainera, patinetea oinezkoen mugikortasunarekin ondo uztartzen da, ia mugitu barik oinezko bihurtzen garelako, oin biak lurrean jarrita: semaforoa oinezkoen norabide berean gurutzatu nahi badugu, etab.
Ekonomikoa. Patinetez ibiltzea, auto edo garraio publikoarekin alderatuta, nahiko ekonomikoa da, bai bere prezioagatik, baita kilometroko kostuagatik ere (100 km-ko 1€ baino gutxiago). Bestalde, erosteko prezioa ere baxua da: 300 €tik aurrera.
Autonomia. Gero eta distantzia luzeagoa egiteko aukera dute, eredu arruntek 25 km arte, eta badira 50 km arte egin dezaketenak ere.
Intermodalitatea. Patinetea tolestuta erraz eraman daiteke beste garraiobideetan (trenean, metroan…), eta, gainera, gehienetan bilduta badago, pakete gisa hartzen dute eta ez digute horregatik kobratzen, txirrindulekin ordea, garraiobide gehienetan kobratzen digute.
Garbia. Erregaia erabiltzen duten ibilgailu gehienekin alderatuta (autoak, kamioiak…) oso garbia da, batez ere kargatzeko elektrizitate berriztagarria eskaintzen digun enpresa bat hobesten badugu. Horri esker herri eta hirietan kutsadura atmosferikoa eta akustikoa txikitzeko laguntza handia eman dezake.
Kutsadura: Patineteak ez du gas kutsatzaile toxikorik edo berotegi-efektukorik isurtzen. Klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen du eta aire garbia bermatzen du.