f) Ibilbide labur bat egitea

Bide labur bat egingo dugu eta egoera hauetako bat suertatzen bada zer egin behar dugun azalduko diegu: semaforo gorri bat / Stop / Bidea eman bat; eskuman kale gurutze bat; oinezko bat bat-batean gurutzatzea edo ibilgailu handi bat etortzea. Ikusi ditzagun:
 

a) Semaforoa gorri, Stop bat edo Bidea eman. Hauetako batengatik ibilgailuak gure aurrean geldirik   daudenean, gogoraraziko diegu ez dela komenigarria ibilgailuen eskumatik aurreratzea eta gu ere semaforo/stop/bide eman aurrean jartzea, gidariek gu ez ikusteko aukera handiak daudelako. Kasu horietan hobe dela geldirik dagoen azken ibilgailuaren atzean kokatzea. Semaforoa berde jartzen denean eta autoak abian hasten direnean, batzuetan geldirik egotea ere komenigarria dela, gure parean edota atzean geratu diren ibilgailuei aurreratzen uzteko, gu abiatzeko bakarrik egon gaitezen eta segurtasun handiagoz egin dezagun. Maniobrak:

  1. Gelditu azken ibilgailuaren atzean herenbidean, eskumarantz.
  2. Geldirik jarraitu: aurrekoak abiatzen hasten direnean gure atzean daudenei aurreratzen utzi, batez ere ibilgailu handiak badira.
  3. Gu abiatu: segurtasun handiagoz abiatu gaitezen, horiek pasatu ostean abiatuko gara.

 

b) Eskuman kale bat baina gu artez aurrerantz. Askotan eskuman kale bat eduki ahal dugu eta guk aurrera joan nahi dugu. Gurutze hauetan arriskua egon daiteke gure atzetik datozen ibilgailuek eskumarantz egin nahi dutenean, guk ere biratuko dugula pentsatuz, eta gure bidea oztopatu ahal digute. Kasu horietan atzeko ibilgailuei zuzen jarraitu nahi dugula ohartarazteko ezkerreko besoa aurrerantz jarri ahal dugu. Edo gerta daiteke eskumako kaletik datozen ibilgailuek gu ez ikustea gure kalera inkorporatu nahi dutenean. Kasu horietan, abiadura moteldu eta egiaztatu eskumatik inkorporatu nahi duten gidariek ikusi gaituztela, eta egon guztiz gelditzeko prest horrela ez bada. Atzetik ibilgailurik ez badator, Erdibidetik joango gara segurtasun-espazio gehiago edukitzeko. Maniobrak:

  1. Moteldu: abiadura moteldu hobeto behatzeko eta maniobratzeko segurtasun handiagoa izateko.
  2. Begiratu: atzerantz begiratu ea ibilgailurik datorren. Baldin badator:
  3. Seinalatu: ezkerreko besoa aurrerantz zabaldu, aurrera joan nahi dugula adierazteko.
  4. Erdibidera: atzean ibilgailurik ez badugu eta eskuman inkorporatu nahi duten ibilgailuak badatoz, erdibidean jarriko gara espazio gehiago izateko eta eskumakoek gu ikusteko denbora gehiago izan dezaten.

 

c) Oinezkoa bat-batean gurutzatzen bada. Egoera hau ezin dugunez simulatu parte-hartzaileei esango diegu une batean egoera hori irudikatuko dugula begiraleak besoa gorantz igota eta ezker-eskumarantz mugituta. Orduan denok arin balaztatuko dugu eta eskumaldera alboratuko gara atzerantz-alboetara begiratuta. Maniobrak:

  1. Seinalatu: ezkerreko besoa luzatu eta gorantz eta beherantz egingo dugu.
  2. Balaztatu: erabat balaztatuko dugu.

 

d) Ibilgailu handia badator. Arriskua handiagoa denez, autobus edo kamioi bat hurbiltzen bazaigu abiadura motelduko dugu, erabat artez joango gara eta gugandik distantzia egokira ez badago gelditzeko aukera dugula gogoraraziko diegu, pasatu arte. Maniobrak:

  1. Adi: ibilgailu handiak detektatu: alboan ikusten baditugu edo atzetik entzuten baditugu, atzera begiratu.
  2. Moteldu abiadura.
  3. Behar izanez gero eskumarantz alboratu eta pasatu arte geldituko gara.