Jatorria. Euskaraz “adimena” (inteligentzia) “adi” errotik dator. Hau da, gauzak ikasteko ADI egon behar dugu. Bada, segurtasunez zirkulartzeko berdin: ADI joan behar behar dugu une oro inguruan dagoen guztiari so.
Ikusgarritasuna: zirkulazioan txirrindulariak, patinetelariak eta oinezkoak gutxiago ikusten dira hainbat arrazoirengatik: tamaina txikiagoagatik, gauez edo euripean argi txarragoak edukitzeagatik… Baita “ikuspegi sozial” faltagatik ere, hau da, zenbait gidarik motordun ibilgailuen ordez mugitzeko beste era batzuk erabiltzen dituztenei dagokien espazioa onartzeko prest ez daudelako.
Adi txirrindulari edo patinetelariak aurrean ditugunean. Abiadura moteltzeaz gain, egin dezaketen mugimendu “arraroei” erne egon behar dugu: ea abiadura bat-batean mantsotzen duten, ea lurrean haien gidaketan eragin dezakeen zerbait ote dagoen (olio-isuri bat, zikinkeria edo zuloren bat galtzadan…), etab.
Kale estuetatik. Txirrindulari edo patinetelariak aparkatutako autoetatik urrundu eta eskumaldetik joan beharrean, erreiaren erdigunetik joaten dira sarritan, haien segurtasunagatik. Horrez gain, leku nahikorik gabe aurreratu nahi dieten auto-gidariengandik babestu nahi dute. Hori herri gehienetan zuzena da eta errespetatu beharra dago.
Adingabeak. Are adiago joango gara arazoak sor ditzaketeelako: batzuetan ez dira gai trafikoaren baldintzez konturatzeko, seinaleak ulertzeko, ustekabeko mugimenduak egin ditzaketeelako, bat-bateko norabide aldaketak egin ditzaketelako, etab.
Atarietan, garaje-irteeretan… Atarietatik, sarrera partikularretatik edo espaloien ondoan aparkatuta dauden ibilgailuen atzetik bat-batean bizikletak edo patineteak agertu daitezkeenez, kontuz ibili behar gara.
Gauean edo euripean. Arreta guztia jarri behar da, bizikletek askotan beharrezkoak diren argi guztiak (aurreko argi zuria eta atzeko gorria) eta islatzaileak jarrita ez dituztelako. Patineteekin berdin gertatzen da. Eta nahiz eta argiak ondo jarrita eduki, autoak edo bestelako ibilgailu handiagoak baino gutxiago ikusten direlako. Hobe da abiadura apur bat moteltzea, adiago joan gaitezkeelako eta erreakzionatzeko denbora gehiago ematen digulako.
Autobus eta kamioi gidariok. Ibilgailuen tamainagatik, gerta daiteke txirrindulari eta patinezaleak txarrago ikustea eskumatik aurreratzen bagaituzte, semaforoen aurrean geldirik gaudenean batez ere. Beraz, batez ere semaforoak berde jartzean, beti begiratuko dugu arretaz eskumatara. Eta txirrindulari eta patinetezaleekin ez gurutzatzeko ere oso adi joango gara, guk eskumara biratu nahi dugunean eta haiek artez jarraitu nahi dutenean.