Bidegorria. Euskaraz eta, gure hizkuntzaren erabilera arrunta edo/eta ofiziala den ingurune geografikoaren barruan, gazteleraz ere, Bidegorri berba erabiltzen ibili izan gara azken hamarkadetan bizikleta-bide mota desberdinak izendatzeko. Orain bide-mota nagusiak ikus ditzagun, eraikuntza-motaren eta ohiko erabileraren arabera:
Europako Bideak. Europako estatuak elkar lotzeko sare baten barruko EuroVelo izeneko bizikleta-ibilbide handiak dira eta motordun trafikotik bereiztuta dauden 15 bide luzek osatzen dute. Batzuetan, ibilbide historikoekin bat egiten dute, hala nola Donejakue bidearekin edo merkataritza-bide zaharrekin. Bizkaitik gertu EV1 eta EV2 ibilbideak ditugu.
Ibilbide Handiak.Bizikleta-ibilbide hauek motordun ibilgailuen trafikotik bereiztuta daude eta zikloturistek erabiltzeko egokitu dira. Gai jakin bat ardatz hartuta, naturgune eta paisaia bereziak dauzkaten lurraldeak zeharkatzen dituzte, esate baterako, Granadako Sierra Nevada, Loirako gazteluak edo Errioxako mahastiak.
Natur Bideak. Natur Bideen Programan oinarrituta, 1993az geroztik, 9.200 kilometroko luzera duen sarea sortu da eta horietatik 1.200 inguru bide berdeetan sartuta daude estatuan. Asmo horretarako, garraio-azpiegiturak, abelbideak, trenbide-plataformak, sirga-bideak eta erabiltzen ez diren bide tradizionalak berregokitu edo bide berriak ireki dira. Horrela, herritarrek natura eta, oro har, landa-ingurunea gertu-gertutik bizitzeko aukera dute eta landa-eremua aisialdirako nahiz modu ekologikoan erabiltzeko joera gero eta nabarmenagoari erantzun diote. Ibai handien ibilgua kontuan hartuta diseinatu dira, Europa erdialdeko ibilbideetan bezala.
Bide berdeak. Ingelesez greenway edo frantsesez voie verte/sentier ferroviaire) naturguneetan erabili gabe geratu diren azpiegiturak dira (batez ere antzinako trenbideak), oinezkoentzat, bizikleten erabiltzaileentzat eta zaldiz ibiltzen direnentzat egokitutakoan sortutako bideak dira. Honako ezaugarri bereziak dituzte: irisgarritasun osoa, ibiltzeko erraztasuna eta segurtasuna. Mugikortasun iraunkorra eta paseoaren eta zikloturismoaren praktika sustatzeko leku aproposak dira, batik bat mugikortasun mugatuta dutenentzat (umeak, adinekoak edo desgaituak). Bide berdeak