Definizioa. Estatuko DGT- Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren arabera patinetea (edo modu tekniko batean esanda: MPI; Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailua) "gurpil bat edo gehiago dituen lagun bakarrarentzako ibilgailua da eta motore elektriko batek bultzatzen duena, 6-25 km/ordukoko abiadurarekin”.
Baimena. Patinetez ibiltzeko ez dugu baimen administratiborik behar, ezta derrigorrezko asegururik ere. Araudi berriaren arabera Zirkulazio Ziurtagiri bat beharko da baina hori fabrikatzaile bakoitzak egin beharko du.
Zeintzuk ez dira MPI moduan hartzen? 6 km/ordukoko abiaduraren azpitik dabiltzanak jostailuak dira eta 25 km/ordukoko abiadura baino handiagoa hartzen dutenak, berriz, ziklomotorrak.
Eta zeintzuk gehiago ez dira? Horiez gain honako hauek ere ez dira patinetzat hartzen: lehiatzeko erabiltzen direnak, mugikortasun urrituko pertsonentzako ibilgailuak, orekari eusteko sistema edota jezarlekua dutenak eta Europako Batasunaren araudian zehaztutakoak (jezarlekua dutenak, ziklomotoreak, bi gurpiletako ziklomotoreak…). Azken multzo honetan sartzen direnak erabili ahal izateko baimena eta asegurua edukitzea nahiz kaskoa eramatea derrigorrezkoa da.