Udalaren araudia ezagutu. Udal gehienek oraindik ez dute ordenantzarik egin baina, badaezpada, alderdi hori nola dagoen begiratzea komeni zaigu, erosi nahi dugun patinetearen ezaugarriak (abiadura…) baldintzatu ahal dituelako. Uda
Zertarako nahi dugun jakin. Patinetea zertarako erabiliko dugun ikusita, modelo bat edo beste bat aukeratuko dugu. Esate baterako, aldapa handirik ez daukaten kaleetan barrena ibiliko bagara, nahikoa da 350 watioko patinete elektrikoa edukitzea. Garraio publikoan eraman behar badugu, hobe dugu oso astuna ez den aparailu tolesgarria eskuratzea, baina leku jakin batetik bestera patinetez lehenbailehen heltzeko asmoa badugu, ez diogu pisuari erreparatu behar izango.
Non erosi. Patineteak, txirrindulak bezala, mantentzea behar duten ibilgailuak dira. Hau da, balaztak egiaztatzea, txirrina jartzea, bateriari buruzko zalantzak argitzea… Horregatik, online baino, hobe dugu denda fisiko batean erostea, eta denda horrek mantentzeko zerbitzua baldin dauka askoz hobeto.
Autonomia. Bateriaren autonomiari eta edukierari ere erreparatzea garrantzitsua da, izan ere, zenbat eta anperio gehiago, orduan eta edukiera handiagoa dauka kargatzeko, eta, horren ondorioz, autonomia handiagoz hornituta dago. Esate baterako, egunero gutxi gorabehera 15 km-ko ibilbideak egiteko asmoa badugu, aparailuak adierazitako autonomia idealak nabarmen handiagoa izan behar duela kontuan hartu behar dugu, egunean kargatu behar izan gabe ibili ahal izateko. Modelo batzuetan bateria atera daiteke eta hori aukera ona da beste bat erosteko; horrela, egun batean ibilbide bikoitza egin behar badugu ez dugu arazorik izango. Gogoan izan birkargatzeko 4-8 bat ordu inguru behar dituela.
Ordezko piezak eta elementu osagarriak. Gaur egun marka askotariko patinete elektrikoak dauzkagu merkatuan, baina ordezko piezak eskuratzeko erraztasunak ez dira berdinak haietako guztietan. Horrez gain, begiratu oinarrizko ibilgailuan elementu osagarriak ipintzeko eta erosteko aukera eskaintzen duen, adibidez, bidaiatzeko poltsa edo aparteko kargagailua.
Balaztak (frenoak). Patinete elektrikoak arin dabiltzanez aparteko lekua hartzen dute balaztek. Motaren arabera balazta desberdinak erabil ditzakete: diskokoak, zapatakoak, motorrekoak edo atzeko gurpilaren gaineko palankakoak.
Gurpila. Ohiko kamerakoak (zulatu daitezkeenak), zulatu ezin diren kamerakoak eta trinkoak izan daitezke. Onenak bigarrenak dira, trinkoek ez dituztelako galtzadaren gorabeherak zurgatzen.
Patineteak garraiatu dezakeen gehieneko pisua. Heldu batek bere pisuaz gain, beste zerbait eraman dezakeela kontuan hartuta, 100 kg-ko zama eraman dezakeena eskuratzea komeni da.
Pantaila. Erosten dugun patineteak abiaduraren pantaila edukitzea ezinbestekoa da, horien mugak kontrolatu ahal izateko. Adibidez bidegorrietan 15 km/orduko abiaduran ibiltzeko edo S-30 kaleetan 25 km/orduko abiadura ez gainditzeko.
Jezarlekua. Gutxi batzuek eskaintzen dute aukera hori. DGTk horiek patinete arrunten kategoriatik kanpo utzi ditu eta ziklomotortzat hartzen ditu orain, horrek dakarren guztiarekin (asegurua, matrikulazioa…).